Albisteak

Dokumentu hau leiho berri batean irekiko da 

Plentziako Udala jarraipena egiten ari da eraikin publikoetan eta kaleko argiztapen instalazioetan egiten den elektrizitate kontsumoa kontrolatzeko, eta emaitzak bikainak izan dira, bai ekonomikoki eta bai energiari dagokionez.

Gure instalazioak etengabe eta zorrotz kontrolatuz, euren egoera zehatz-mehatz ezagutuz, kontagailu bakoitzeko kontsumoei jarraipena eginez (Plentzian 43 kontratu dauzkagu) eta gehiegizko kontsumoagatiko zigorrak zeintzuk diren jakinez, erabaki egokiak hartu ahal izan ditugu gure instalazioak optimizatzeko, betiere euren integritatea arriskuan jarri gabe eta aurrezki ekonomiko eta energetiko handia lortuz herriarentzat. Azken urtean ekintza hauek gauzatu dira, besteak beste: kondentsagailu-bateriak instalatu, koadro elektrikoak egokitu kontratatutako potentziala aldatu ahal izateko eta energia kWh-aren (kilowatio orduko) prezioa hobetu. 2014an proiektu honi ekin genionetik, urtean 55.971,33 € aurreztu ditu herriak (argindar fakturaren %25), ia inbertsiorik egin gabe. Gainera, aurrezki horrek ez du kontuan hartzen farola publikoetan LED argiztapena jarri izanagatik lortutako aurrezkia.

Bestalde, Udalak badu datozen hilabeteetarako lan-plangintza bat. Eta plan horren bidez, ekintza hauek gauzatuko dira: pertsonentzat eta herrientzat seguruak diren energia-iturri berriztagarrien bitartez energia elektrikoa hornitzeko lizitazio publikoa eta argiteria publikoa berritzea argiztapen teknologia eraginkorragoak ezarriz. Azken horretarako, 95 argi aldatuko dira (besteak beste, oinezkoentzako zubiko argiak eta padel pistakoak), aurrezki ekonomiko handia (urtean 15.359,09 euro gastatzetik 4.609,14 euro gastatzera igaroz) eta hobekuntza tekniko eta energetikoak lortuko direlarik horrela. Gainera, hitzaldiak antolatuko ditugu, herritarrek jakin dezaten zer-nolako ekintzak gauzatu diren eta nolako onurak eta aurrezkiak ekarri dituzten energia eraginkortasunaren arloan. Beste hitzaldi batean azalduko dugu zertan datzan argindarraren faktura bat, herritarrek hobetu ulertu dezaten eta jakin dezaten zer egin aurrezteko.

Esetek Smart Energy enpresak, udalarekin batera herriko kontsumoen jarraipena egiten duenak, kontsumoen jarraipen-sistema zentralizatu bat dauka, etengabeko hobekuntzan oinarritua. Horrela lortu dugu kontsumo-datu eguneratuak izatea, eta eboluzioa kontrolatzen dugu mailaka: herriaren kontsumo maila globala, hornikuntza taldeen araberako kontsumoa eta instalazio bakoitzarenera, e.a. Baita ere ikus daiteke norberaren urtez urteko edo hileroko bilakaera.

Bestalde, Udaletxean etengabeko monitorizazio-sistema bat dago jarrita. Sistema horrek informazioa ematen du energia kontsumoei buruz eta posible egiten du desbideratzeak detektatzea, alarmak programatzea eta instalazioekin elkarreragitea. Hala, berehala nabaritzen ditu kontsumo irregularrak, zigorrak saihesteko. Sistemak nazioarteko IPMVP, Efficiency Valuation Organizaction (EVO) protokoloan oinarritutako neurketa- eta egiaztatze-tresna bat darabil, modu fidagarrian zehazteko energia instalazio zehatz batean sortzen den aurrezkia, eraginkortasuna hobetzeko neurri bat edo gehiago ezarriz (MMEE).