Albisteak

 

2018an ospatuko dugu ferrokarrila Plentziara iritsi zeneko 125. urteurrena. Urteurrenaren karietara egitarau bat prestatzen ari gara, datorren urte osoan zehar egingo diren era guztietako ekitaldiak barne hartuko dituena.

Eta abiapuntu gisa, herritarren partaidetzaren bidez aukeratuko dugu Urteurrenaren irudia izango den logotipoa. 5 proposamen daude, eta proposamenak aukeratzeko horretarako beraizik diseinatu dugun aplikazio informatikoan sartu behar da, zeinak bidaia bat irudikatzen baitu 1893an inauguratutako burdinbide-linean zehar: http://aniversario125urteurrena.etnoplentzia.com/

Logotipoa bozkatzeko bidaia Areetan hasten da, non hautaketan parte hartzeko azalpenak emango baitira, eta ondoren, jatorrizko geltoki guztietan barrena jarraituko du: Negurin, Algortan, Getxon, Berangon eta Sopelan aukeratu daitezkeen proposamenak aurkeztuko dira, Urdulizen logotipoa aukeratuko da, eta Plentzian bozketa egingo da. Ekain osoan zehar eman ahal izango da botoa, eta proposamen irabazlea uztailean ezagutaraziko da. Gainera, zozketa bat egingo da parte-hartzaile guztien artean.

Irailean ekitaldi publiko bat egingo da logotipo irabazlea jendaurrean aurkezteko, eta bertan emango dira ezagutzera 2018ko ekitaldien egutegia, 125. urteurrenaren sustapen bideoa eta kartela.
Askotariko logotipoak iritsi zaizkigu, badira batzuk modernoak, teknologia berriekin eta sare sozialetan erabiltzen diren traolekin zerikusia dutenak, beste batzuk Bilboko Metroaren diseinua gogorarazten dizkigutenak, baina proiektu honetarako bereziki aldatuak izan direnak, beste batzuk abangoardistak, eta bada diseinu klasiko bat ere, Aurrera lokomotora mitikoari keinu egiten diona (gaur egun Ferrokarrilaren Euskal Museoan dagoena).

Trena XIX. mendearen amaiera aldera iritsi zen Plentziara, eta horri esker, herria jomuga turistiko bihurtu zen. Negozio berriak sortu ziren higiezinen sustapenaren eta ostalaritzaren inguruan, merkataritza-sarea hazi egin zen eta bizi-gune berriak garatu ziren. Urte horretan bertan sortu zen Casino Aurrera Aisialdi Sozietatea, ur depositua martxan jarri zen… Aurrerapen horiei eta ferrokarrilari esker iritsi ziren lehen udatiarrak Plentziara.

1893. urtea zoragarria izan zen Plentziarentzat, gertakari garrantzitsuz betea, esaterako ferrokarrilaren etorrera irailaren 4an. Egun hartan, goizeko hamarretan inauguratu zen zerbitzu berria “jendetza handi baten aurrean”. Trena nasara iritsi zenean, orduko agintarien aurrean lau biba bota ziren: “lehena, Plentziaren oparotasuna islatzen duen ferrokarrilaren arrakastaren alde; bigarrena, plentziarren alde; hirugarrena, bakearen alde;  eta azkena, trena eraiki duen ingeniariaren alde”. Garai hartako kronikek diote ekitaldi hartara bildutako jendea negarrez hasi zela, hunkiturik, bazekielako gurdietatik garraiobide modernoetara pasatzen ari  zirela eta, nolabait, aroz aldatzen ari zirela.

Egun hartatik 125 urte geroago, berriro ospatuko dugu Plentziaren historiako mugarri  hura. Hainbat ekitaldi ari gara prestatzen 2018. urterako, eta abiapuntu gisa proposatzen dizugu aukeratu dezazula ekitaldi horietan erabiliko dugun logotipoa.

Gainera, proiektu hau Plentzian garatu da osorik, logotipoak Ainhoa Toyos diseinatzailearenak baitira (atvisual.es), eta aplikazio informatikoa Victor Lobatorena, Plentziako Museoko Etnografia Batzordeko kidea bera.