Albisteak

 

Plentziako Goñi Portal kultur etxea 2001eko martxoan inauguratu zen. Udalak 96.161€ ordaindu zituen baserriaren truke (XVII. mendearen bigarren erdian eraikia) eta beste 399.000€ zaharberritze-lanak egiteko.

Etxeak 560 metro koadro ditu eta baditu sotoa, bi solairu eta ganbara, zeintzuk bereziki diseinatu baitziren jarduera desberdinak ostatatzeko, hala nola, hitzaldiak, erakusketak eta ikastaroak, baina ez dago behar adinako irisgarritasunik horietara iristeko. Horregatik, 16 urte geroago, igogailua jarriko da eraikinaren lau solairuak bertikalki konektatzeko eta espazio guztiak irisgarri egiteko, pertsona guztiek aukera izan dezaten antolatzen diren jardueretan parte hartzeko.

Hasieratik ikusi zen 2001ean eginiko zaharberritze-lanak ez zetozela bat etxeari eman nahi zitzaion erabilpenarekin, arazo eta gabezia ugari baitaude: bi ekitaldi batera egiten direnean, enbarazu egiten diote elkarri, ez dago irisgarritasunik, akustika oso txarra da…

Horregatik, hainbat hobekuntza egin dira inauguratu zenetik: berogailua instalatu da, zerbitzuak beste toki batzuetan kokatu dira, argiztapena aldatu da, arrakalak eta egituraren arazoak konpondu dira, aforoa neurtu eta segurtasuna bermatzeko hainbat hobekuntza egin dira. Ildo horri jarraiki, aurten igogailua jarriko da, 50.000 €-ko partida aurreikusi zelarik horretarako Udal Aurrekontuetan.