Albisteak

 

Plentziako Senidetze Batzordeak Placentia (Ternua eta Labrador, Kanada) eta Plentzia (Bizkaia) herrien arteko senidetzearen harira programatutako ekitaldien barruan, Plentziako Udalak topaketa bat antolatuko du datorren maiatzaren 5ean Bizkaian eta Euskadin bizi diren kanadarrekin.

Larunbat horretan gure herrian bildu nahi ditugu gure inguruan bizi diren kanadarrak, bai batzen gaituzten lotura historikoak gogoratzeko, eta baita ere Senidetzea elikatzen jarraituko duten lotura berriak sortzeko.

2017ko ekainaren 21ean sinatu zen ofizialki Senidetze agiria, eta harrezkero hainbat jarduera antolatu dira herri bien arteko harremana errotu eta sendotzeko. Espero dugu maiatzaren 5eko topaketa jaiegun polita izango dela eta jende kopuru handia -kanadarrak nahiz plentziarrak- batuko duela eta, gainera, aukera emango digu egitarau honekin gozatzeko:

  • 11:00 - Ongietorri eta harrera ekitaldia Udaletxean Aurreskuarekin
  • 11:15 - Bisita udaletxera
  • 12:00 - Bisita Butroeko Plasentia Museora
  • 13:30 - Astigar gorri bat (Kanadako zuhaitz-ikurra astigarra da) landatuko da Gernikako Arbolaren parean (Antonio Cuesta plaza, Plentzia)
  • 14:30 - Bazkarian bakailaoa izango da protagonista (Boutique Bahía de Plentzia Hotelean, 20€/25€)
  • 17:00 - Gorlizen bizi den Isabel Findlay kanadarraren hitzalditxoa Kanadari buruz, Udaletxean
  • 17:15 – 18:15 – Ternuako tradiziozko kontzertua, Udaletxean

Egun hori aukeratu izana ez da kasualitatea, data horrek erreferentzia egiten baitio Bizkaiko Foru Artxiboko dokumentu bati, Juan Goitiak, Enkarterrietako Sindikoaren ordezkariak, Plentzian idatzia 1726ko maiatzaren 7an, marinaren zerbitzurako gizonak erreklutatzeko. Dokumentuan aipu hau ageri da: “denak Ternuan direnez Baleen arrantzan, beldur naiz ez dudala lortuko behar direnak baino gehiago”, horrekin esan nahi duelarik Plentziako gizon gehienak Ternuan zebiltzala