Albisteak

 

Aurten 125 bete dira trena Plentziako Hiribildura heldu zenetik. Udala hainbat jarduera egiten ari da urtarriletik tren-munduarekin loturik, besteak beste, filatelia-erakusketa, ume-ipuina eta hamabostean behin Nasarako Kontakizunak argitaratzea.

Oroimen eta ospakizunen harira, ezin dugu ahaztu gaur 48 urte gertatu zen ezbehar larria. Bilbora zihoan tren batek talka egin zuen Plentziarantz zetorren beste batekin Plentzia eta Urduliz geltokien artean Barrikan. Ezbehar izugarri hartan 33 pertsona hil ziren eta 65 zauritu, Euskal Herrian izandako tren-istripurik larriena, beraz.

Handik hilabete gutxira garai hartan Urduliz geltokiko burua zena ere hil zen. Hasiera batean ezbeharraren ardura berari leporatu zioten arren, gerora jakin zen aurreko lau egunetan 16 orduko lanaldiak egina zela. Gertuko jendearen esanetan «Atsekabeak jota hil zen. Istripuak bera ere hil zuen».

Horrelako egun seinalatu batean gogoratu nahi ditugu ezbehar hartan hil zirenak, zauritu zirenak, egun hartan tren-konpainian lanean ari zirenak eta larrialdi-zerbitzuei sorospen- eta erreskate-lanetan aritu zirenak, baita zalantza izpirik gabe laguntzera joan ziren Plentziako herritar guztiak ere.
 
ESKERRIK ASKO!