Albisteak

 

Plentziako Udalak, Globalkultura Elkartearen laguntzarekin, transkripzio-zerbitzu bat kontratatu du XVI. mendearen lehen erdiko bi dokumentu transkribatzeko, zeintzuetan aipatzen den Goienkale eta Udaletxe Aldapan kokatutako Dorretxea.

Egin diren lanak izan dira, lehenengo eta behin, bi dokumentuak aurkitu eta eskuratzea, bata, Simancaseko Agiritegi Nagusitik eta bestea, Bizkaiko Foru Agiritegi Historikoko Marqués de Villarías funtsetik; ondoren, transkribatu egin dira ulergarri eta irisgarri egiteko, eta orain Udalak eskuragai jarri ditu aztertu nahi dituzten guztientzat.

Hona hemen Bizkaiko Foru Aldundiko Ondare Historikoko Zerbitzuak argitaratutako “Breve recorrido histórico-urbanístico” gidaliburuan  agertzen den testu bat, Plentziako liburuzain Gorka Mayor Lopezek eraikin horri buruz idatzia:

[…] Torreón delakoa miretsi ahal dugu, Plentziako eraiki zibil zaharrena eta bere lehenengo udaletxea izan zena 1920ko hamarkadan Astillero enparantzan beste berri bat eraiki arte.

Kartzela ere izan zen, alondegia, pisu publikoa, postetxea, liburutegia 1980ko hamarkadaren erdialdean birgaitu ondoren, eta gaur Plasentia de Butron Fundazio-Museoaren egoitza da; eta bertan, Plentzia eta bere eskualdeko historiari buruzko materialak erakusten dira, marinel-iraganarekin zerikusia daukatenetan arreta berezia jarriz.

XVI. mendeko erdialdekoa da, burgesiak, nobleziaren tiraniatik azkenean libratuta, bere dorrea eraiki zuenekoa, eraikin berri horretan bandokideen arteko borrokak bukatu eta herrian bakea heldu ondoren sortutako egoera soziala irudikatuz. Zentzu horretan, Torreón apaintzen duten armarriek, argi eta garbi berresten dituzte udalaren eta monarkiaren botereak, analfabetoa eta eskolagabea zen herriaren begietan. Fatxada nagusian, Goienkalekoa, Plentziako armarria dago, bere irudikapen zaharrena, izaki subirano eta autonomo gisa: moztutako larru batean sartuta garaiko ontzi baten olatuen gainean agertzen da, horrelakoak ziur aski itsasadarrean sartuko zirelarik, gazteluekin brankan eta popan, aurreko mastak, masta nagusia eta mesanakoa behar bezala moldatuak, eta korasta-lema.

Fatxada berean, eraikina ahalbidetu zuen ongilearen berri ematen digun kartela bat dago, eta honela dio: ESTA CASA MANDO AZER EL DOTOR MARTIN // PEREZ DE PLAZENCYA PARA HAZERLA DEXO // DE RENTA PERPETUA CINQUENTA Y TRES MYLL // E TRESZYENTOS E NOBENTA I SEYS MARAVEDYS // PARA ECHARLOS EN TRYGO SOBRE LAS VILLAS // DE UZEDA I MECO LABRADAS. 27 DE MAYO // DE 1562 AÑOS.

Udaletxe aldaparen aldean Errege-erregina Katolikoen armarria ikus dezakegu, desinformaturen batek margo beltzez zikindu duena, TANTO MONTA elezaharrarekin, eta guztia San Juan Ebanjelistaren arranoaren gainean. Dorretxearen kokalekua, Muxika eta Butrón familiaren dorretxetik metro gutxira, ez da ustekabekoa: udaletxe berriaren eraikuntzarekin, hiribilduko botere erlijiosoa, nobleziakoa eta zibila, herriaren alderdi altuan kontzentratzen ziren, haien artean zelatan egongo balira bezala. Estilistikoki hitz egiten badugu, oin karratua daukan errenazimentuko jauregi sendo bat da, bi altura dauzka eta lau isurkiko teilatua, harlanduzko hareharriz eraikia. Sarrera, dobela handidun erdi-puntuko arkuarekin, fatxada nagusiaren ezkerraldean dago, eskuinaldean pixka bat turuta-forma duen bao batekin; oin nagusia aurrerago aipatutako kartelarekin erabakitzen da, erdiko ardatzean balkoi bat dago eta hiribilduko armarria; Udaletxe Aldapako fatxadan, ostera, bi solairuetan bi leihate irekitzen dira, pixka bat turuta-formakoak beheko solairuan eta zabalagoak eta argitsuagoak goiko solairukoak.

Transkripzioa (PDF 555KB)