Albisteak

 
  • 'Plentzian egunero euskaraz' (Plentzia en euskera en el día a día) kanpainari hasiera emateko, formatu handiko zazpi kartel koloretsu jarriko dira Astillero plazako musika kioskoan.
  • Ilustrazio bakoitzak herriko hainbat tokitako eguneroko egoerak islatzen ditu.
  • Ilustrazio horien helburua da bultzada bat ematea sostengarritasuna, berdintasuna, aniztasuna, kultur ondarea edo kirola bezalako baloreei.
  • Saltokiei eta ostalaritzako establezimenduei ere emango zaizkie kanpainako kartelak beren lokaletan jar ditzaten.
  • Kanpaina San Antolin jaiekin batera hasiko da, aprobetxatuz jendetza handia biltzen dela Astilleron.

Euskararen erabilera bultzatzea. Euskararen presentzia herritarren eguneroko bizitzan sustatzea... Hori da Plentziako Udalak abiatu duen kanpainaren helburu nagusia. “Plentzian egunero euskaraz” (Plentzia en euskera en el día a día) kanpainaren asmoa da plentziarrak helburu horietan inplikatzea, edozein izanik ere beren hizkuntza-ezagutza maila. Horretarako, eta abiapuntu gisa, Astillero plazako musika kioskoaren eskudelean zazpi panel ikusgarri jarri dira, euskararen erabilera eta ikaskuntza sustatu nahi duten formatu handiko zazpi kartel. Kanpainaren ezaugarri garrantzitsuenetako bat da auzoak eta herriko hainbat toki direla bere protagonista.

Ekimen hau San Antolinetan aurkezten da, ostegun honetan hasi eta jendetza ikaragarria erakartzen duten jaiekin batera, Astillero delarik jai-gune garrantzitsuenetako bat. Asmoa da ahalik eta indar handiena ematea kanpainari eta bere mezuari.

Geltoki gunea, Gatzamiñe, Txipio, Saratxaga, Isuzkiza, portua, itsasadarra, hondartza, Astillero plaza, Erribera, alde zaharra, Gandias, Junkera, Legarrondo... Karteletako irudietan Plentziako hainbat txokotako eguneroko egoerak ikusten dira, txokoak oso erraz ezagutu daitezkeelarik euretan ageri diren paisaia, eraikin edo kokapenei esker: zubia, udaletxea, piruli izenez ezagutzen den Plazatxoko argiztapen elementu erraldoia, Txipioko etxe berdeak, Eleiz enparantzako arkua, eta abar.

Ilustrazio horien helburua da, baita ere, hainbat balio positibo sustatzea, hala nola iraunkortasuna, berdintasuna, aniztasuna, bizikidetza, kirola, herriko merkataritza edo herriko kultur ondarearen babesa.

Herriko enpresa batek (La oveja creativa) diseinatu ditu panelak, haur eta nagusien interesa erakartzeko irudi koloretsu eta pertsonaia dibertigarrien bitartez.

Ekimen honek orobat bilatzen du herriko ostalari eta merkatarien konplizitatea, eta horregatik kartel batzuk argitaratu dira sektore horietako profesionalek euren lokaletan jar ditzaten.

Horrelaxe jarri da martxan “Plentzian egunero euskaraz” kanpaina, euskararen eta euskal kulturaren sustapena ardatz izango dituen udalgintza baten abiapuntu bezala.