Albisteak

 

Segurtasuna eta garbitasuna. Horixe da Plentziako Udalak abuztuaren 29an (osteguna) hasiko diren San Antolin jaietarako egin nahi duen apustua. Segurtasuna eta garbitasuna elkarren eskutik joango dira sei egunez, herria kolorez beteko duen jai eta jarduera egitarau oso baten barruan. Udal honen helburua da jaiegunak festarako eta ospakizunetarako izatea eta EZ ditu onartuko gizalegerik gabeko portaerak eta are gutxiago erasoak.

Horregatik, Plentziako udalak etxera mikrobusez laguntzeko gaueko zerbitzu bat jarriko du jaietan, erabili nahi duen edonorentzat. Zerbitzu hori Plentziako Udaltzaingoarekin batera diseinatu da, agenteak elementu aktibo izango direlarik kalean bertan.

“Plentziako Udalak argi dauka eraso guztien eta batez ere eraso sexisten aurkako borrokak ekintza gogor bat eskatzen duela. Ezinbestekoa da arreta erasotzaileengan jartzea. Konpromiso irmoa hartzen dugu modu aktiboan jokatzeko helburu horren alde. Baina berdintasuna benetakoa izan arte, eta eraso sexistak behin betiko desagertu arte, gure erantzukizuna da eskura ditugun baliabide guztiak baliatzea arriskuak gutxitzeko”.

Segurtasuna / Laguntza-zerbitzua

  • Hilaren 29an (osteguna), 30ean (ostirala) eta 31n (larunbata), hau da, jende gehien espero den egunetan, laguntza-zerbitzu bat eskainiko zaie etxera itzultzeko orduan seguru sentitzen ez diren pertsona guztiei. Zerbitzuak 19 plazako mikrobus bat izango du 01:00etatik 07:00etara eta etengabe irtengo da herriko hainbat gune eta auzotara, osatzen diren taldeen arabera. Zerbitzu hori erabili ahal izateko, eskatzaileak horretarako jarritako Topagunera joan beharko du etxera itzultzea erabakitzen duenean: jai-gunearen ondoan jarritako modulu bat izango da, Astillero plazako gozoki-kioskoaren aldamenean, Udaletxearen albo batean dagoen plazan. Hantxe bilduko dira erabiltzaile guztiak eta eskaeraren araberako ibilbide bat egingo da, erabiltzaile bakoitzaren premiak kontuan hartuz. Mungia Bidera iristeko errotondako markesina (Charter-aren ondoan) izango da mikrobusaren irteera eta iritsiera puntua. Mikrobusak etxetik ahalik eta hurbilen utziko du erabiltzailea.

Udaltzaingoak ere paper garrantzitsua izango du. Mikrobusaren ibilbide guztien berri emango zaie herriko auzo desberdinetan patruila-lanetan dabiltzan agenteei gunez gune ibil daitezen, batik bat segurtasun aldetik arriskutsuak badira.

Nolanahi ere, eskatzailea jai-gunetik hurbil bizi bada eta hurbiltasun hori dela-eta ezin badu autobusa erabili, oinez lagunduko zaio.

Zerbitzu hau zuzentzen zaie etxera itzultzeko orduan seguru sentitzen ez diren pertsona guztiei (13 urtetik gorakoak), edozein dela ere euren generoa edo adina, baina batez ere emakumeei, eurak direlako indarkeria matxista jasaten dutenak.

Topaguneko arduradunek bakarrik apuntatuko dute erabiltzaile bakoitzaren adina eta nora joan nahi duten, eta ez dute batuko inolako datu pertsonalik. Helburua da behar beste datu izatea balorazio bat egiteko eta, balorazio hori kontuan hartuta, datorren urteko jaietan zerbitzua hobetzeko.

  • Plentziako Udalak lehenengoz handituko du Udaltzaingoaren presentzia jaietako gauetan. Hala, aipatu ditugun jaiegun jendetsuetan, bost agente ibiliko dira kalean goizaldean.
  • Era berean, topagunearen ondoan anbulantzia bat egongo da gaueko 22:00ak eta hurrengo goizeko 6:00ak bitartean.

Kaleak eta itsasadarra garbitzeko indargarria

  • Plentziako Udalaren lehentasunetako bat da itsasadarra zaintzea ingurune natural gisa. Horregatik, jaietan eta, batez ere, egun jendetsuenetan (ostirala 30, larunbata 31 eta astelehena 2) bi hesi puzgarri jarriko dira uretan, jaiak amaitutakoan errazago izan dadin egituretan harrapatutako plastikoak eta gainerako hondakinak jasotzea. Hesietako bat zubi zuriaren inguruan jarriko da eta bigarrena portuan, arrantzaleen moilatik hurbil. Ekimen honetan lankide izango ditugu Eusko Jaurlaritzako Portuen Zuzendaritza, Goazenup elkartea eta UrGarbi.
  • Garbiketa zerbitzuak indargarri handi bat izango du jaiegunetan. Zerbitzu horrek barne hartuko ditu zisterna-kamioi bat, bilketarako kamioi bat, 35 zaborrontzi handi lehendik dauden edukiontzien osagarri, eta haizegailu nahiz mangerak erabiliko dira garbiketa lanetarako. Garbiketa planari jarraiki, 15 langile ariko dira kaleetan eta jai-guneetan lanean, herria txukun esnatu dadin egunero.