Albisteak

 

Bilbo, 2019ko urtarrilak 31- Bizkaiko Foru Aldundiaren Garraioak, Mugikortasuna eta Lurraldearen Kohesioa Sustatzeko Sailak oraintsu sustatu du  Bilbo Metropolitarreko Katalogoa eta Paisaiaren Zehaztapenak idazteko prozesua. Eragiketa hau EAEko paisaiaren kudeaketa, babes eta antolamendurako bitartekoen barruan kokatzen da. Lehenengoz Euskal Autonomia Erkidegoan Katalogoa eta  LPP (Lurralde Plan Partziala) era koordinatuan eta bateratuan egiten dira. Aukera ezin hobea da Bilbo Metropolitarraren Alde Funtzionalaren helburuak eta estrategiak adosteko.

Abiaburutzat Paisaiaren Itun Europarrak (Europako Kontseiluak 2000 urtean egin zuena) ezarri duena hartu da. Itun horretan ezartzen da Paisaia  «lurraldeko atal guztiak direla, biztanleek ulertzen duten bezala, baldin eta horien izaera faktore naturalen eta/edo gizakiaren faktoreen ekintzak eta elkar eragiketak badira»; kontua da mekanismo batzuk jarriko direla abian eta horietan parte hartzera deituta daude hala lurralde-agente espezializatuak nola, oro har, herritarrak.

Mekanismo horien artean Paisaia Belaunaldiz Belaunaldi erremintari esker belaunaldi gazteek eta adinekoek azken  hamarkadetan Bilbo Metropolitarreko paisaia naturalak, kulturalak eta sozialak izan dituen aldaketak aztertzeko aukera izango dute. Egiten ari den proiektu hau  Ingurugela-ren bidez koordinatzen da eta xedea gure lurraldean paisaiak izan duen bilakaerari buruzko hausnarketa bateratua egitea da, eta ez bakarrik   bere itxurari dagokionez, baizik eta gizartean eta bizitzeko erarik egunerokoenetan. Irakaskuntzako esperientzia hau argazkilaritzako materialaren bidez gauzatzen da eta, txikienetatik hasita, gure lurraldeari eta guk hori eraikitzeko  dugun erari buruz kontzientziatu nahi du.

Aldi berean, otsailaren 18tik 21era arteko astean saio batzuk egingo dira Alde Funtzionalaren 4 azpialdeetan (Ezkerraldea, Eskuinaldea-Uribe Kosta, Txorierri  eta Bilbo-Behe Nerbioi), goizetan kontraste teknikoko saioak izango direnak eta arratsaldeetan foroak herritarrekin. Saio horietan, besteak beste,  gure paisaiaren balioak eta identitate-elementuak, berariazko arreta eta zaintza behar duten aldeak, azken urteetan sufritu dituen aldaketak eta gure paisaia norantz abiatzea nahi dugun aztertuko dira.

Lagundu nahi dutenentzat baina ezin bertaratu direnentzat Foru Sailak Lurralde Bizia plataforma eskaintzen du; toki horretan formatu digitaleko galdera-sorta bete daiteke. Gure paisaia eratzen duten eta paisaiarengan eragina duten alderdiak aintzat hartzera garamatzan ahalegina, «ondare natural eta kultural europarraren funtsezko osagaia dena, gizakien ongizatean eta nortasun europarraren finkapenean laguntzen duena», Paisaiaren Itun Europarrak esaten duen bezala.

Gogoan eduki etorkizuneko ekimenei dagokienez plataforma nagusiak honako hauek direla: Lurralde Bizia weba - FACEBOOK Lurralde Bizia - TWITTER Lurralde Bizia: @lurraldebizia

Informazio gehiago Lurralde Bizia plataforman.