Albisteak

 

Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak ezagutzera eman nahi du Euskal Autonomia Erkidegoko natura-ondarea. Horretarako, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saileko Ihobe sozietate publikoarekin elkarlanean antolatu duen «Euskadiren biodibertsitatea Natura 2000 Sarean» argazki-lehiaketarako deialdia egin du.

Argazkizaleek nahiz profesionalek parte har dezakete lehiaketan, eta aurkezten dituzten argazkien autore izan behar dute eta argazkien eskubideak izan behar dituzte. Euskal Autonomia Erkidegoko Natura 2000 Sarea osatzen duten 55 tokietako paisaia bereziak, flora, fauna, onddoak eta mikroorganismoak erakutsi ahalko dira. Parte-hartzaile bakoitzak lehendik argitaratu ez den argazki original bakarra aurkez dezake.

«Euskadik natura-ondare izugarria du, eta herritar askok oraindik ez dute ezagutzen. Ekimen honekin biztanleei natura-guneen euskal sarea ezagutzera eman nahi zaie, Europako natura-ondarearen zati oso garrantzitsua baita. Europar Batasun osoaren % 1 ordezkatzen dugu, eta Europako intereseko habitaten % 35 daukagu, fauna-espezieen % 21 eta floraren % 2», adierazi du Elena Morenok, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuordeak.

SARIAK

Lehiaketan parte hartzen duten obra guztien artean, 12 irudi finalista hautatuko dira, eta hiru sari egongo dira: lehen saria 700 €-koa izango da; bigarrena, 500 €-koa, eta hirugarrena, 300 €-koa.

Parte hartu nahi dutenek posta elektronikoz nahiz WeTransfer edo antzeko beste plataforma baten bidez bidali beharko dute hautagaitza, helbide honetara: comunicacion@ihobe.eus. Argazkiarekin batera, argazkia ateratako tokiaren inguruko informazioa eta erabilitako teknikari buruzko deskribapen labur bat bidali behar da.  Hautagaitzak entregatzeko epea azaroaren 15ean amaituko da, 14:00etan.

LEHIAKETA OINARRIAK

INFORMAZIO GEHIAGO