Albisteak

 

Azaroaren 24an eta 25ean, herri-ekimen bidez sustatutako eta eCivis-ek (Uribe Kostako kultur elkartearen) babestutako Mineralen lehen Udal Erakusketa egingo da Plentziako Goñi Portal Kultur Etxean.

Erakusketa librea eta doakoa izango da, mineralak saltzeko eta trukatzeko mahaiak jarriko dira zale eta bildumagileentzat, eta era guztietako publikoari (batez ere haurrei) zuzendutako tailerrak eta lehiaketak antolatuko dira.

Hilaren 24an (larunbata) “Ikasi bildumak egiten” tailerra eskainiko da goizeko 11:00etan, eta hilaren 25ean (igandea) beste bi tailer egingo dira, bata urre-bahetzeari buruz eta bestea mineralen argazkigintzako teknikei buruz. Egun horretan bertan egingo dira baita ere erakusketara doazen neska-mutilentzako lehiaketa eta mineralen zozketa.

Erakusketak iraungo duen bi egunetan udal ludoteka zabalik egongo da interesatu guztiek aukera izan dezaten parte hartzeko. Horrez gain, hilaren 24an (larunbata) ardo-dastaketa bat egingo da Crusoe Treasure upategiaren eskutik. Crusoe Treasure arrezife artifiziala duen munduko lehen urpeko upategia da eta Plentziako Badian kokatuta dago.

Informazio gehiagorako, jarri harremanetan Kultur Etxearekin 94 677 55 41 telefonoan edo kultura@plentzia.eus helbide elektronikoan.

Flyer-a  (JPG 676KB)