Albisteak

 

Plentziako Udaleko ordezkariek eta Itsaso-Lehorreko Jabari Publikoko Zuzendariordetza Nagusiko arduradunek bilera bat egin zuten Madrilen, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioan. Bilera horren ondoren, Gobernu Taldeak hauxe adierazi nahi du:

- Eskerrak eman nahi dizkiegu Ministerioko arduradunei beren jarrera onagatik eta Errotabarriko eremuan sortu den arazoaren inguruko gure argudioak ulertzeagatik, eta baita ere gure ordezkariei egin dieten txera onagatik.
- Plentziako Udalak eta Ministerioak adostu duten eta oraindik formalizatzeko dagoen akordioaren berri eman nahi diogu iritzi publikoari, jada jakinarazi diegulako inplikatutako eragile guztiei. Akordio horren bidez, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak Errotabarriko lursailen emakida egingo dio Plentziako Udalari 10 urterako, lehengo erabilpena ematen jarraitzeko, alegia, kirol jardueretarako eta baita ere aldirietako aparkaleku ireki bat egiteko, harik eta behin betiko kokalekua bilatu arte.
- Egoera berri baten aurrean gaude, iraungipen data duen esleipen bat daukagulako (10 urtekoa akordioa sinatzen den egunetik aurrera). Hori dela eta, Gobernu Talde honek eztabaida bat irekiko du zuzenean inplikatutako eragileekin eta herritar guztiekin. Izan ere, inbertsio handia egin beharko da, eta inbertsio horrek ondorio garrantzitsuak izan ditzake epe laburrean gure herriaren eguneroko bizitzan; beraz, elkarrekin lan egin beharko dugu  10 urteko epe hori amaitu aurretik behin betiko konponbide bat bilatzeko.

Plentzian, 2016ko urtarrilaren 13an.