Albisteak

 
Atzo, 2016ko azaroaren 3an, eta aurreikusitako azken data baino 5 egun lehenago, Plentziako Udalak Errotabarriko belar artifizialeko futbol-zelaia berritzeko lanen harrera-akta sinatu zuen. Harrera hori eginik, eta oraindik Euskadiko Kosta Demarkazioaren ikus-onetsia falta den arren (dagoeneko bidali zaio bidali beharreko dokumentazio guztia), itxi egin da 2014ko azaroan kirol instalazio horren inguruan hasitako kapitulua. Halaber, atzo, idatzizko eskaera egin zitzaion Bizkaiko Futbol Federazioari, Zelaiak Homologatzeko Batzordeko teknikariek zelaia bisitatu dezaten. Arratsaldean bertan etorri ziren, eta “argi berdea” eman ziguten txapelketa ofizialetako partiduak bertan jokatu ahal izateko. Datozen asteetan bilera bat egingo dugu SD Plentzia taldeko zuzendaritzarekin, udal kirol instalazioaren erabilerarekin lotutako alderdiak lantzeko eta zelaiaren inaugurazio ofizialerako ideiak eta datak bateratzeko. Azkenik, eskerrak eman nahi dizkiegu lanek iraun duten bitartean, zuzenean nahiz zeharka (Udal honek eginiko tramiteen bitartez), klubari lagundu dioten pertsona, klub eta erakunde guztiei.