Albisteak

 

Plentziako Gobernu Taldeak 2018rako aurrekontuen zirriborroa aurkeztu zien gainerako talde politikoei. Pasa den urtarrilaren 16an Ogasun Batzordearen ez-ohiko saioan zehatz-mehatz azaldu ziren Plentziak 2018an izango dituen diru-sarrera eta gastuen kapitulu guztiak.

  • DIRU-SARRERAK

Lehenik eta behin, esan behar da Gobernu Taldeak 4.725.643,14€ izango dituela 2018rako, hau da, aurreko ekitaldian baino 309.918,14€ gehiago (5,6%). Funtsean, hazkunde hori zor zaio Udalkutxa finantzaketa-funtsak eginiko ekarpen positiboari, berau delarik diru-sarreren iturri garrantzitsuena. Kontrako aldean dago Udalak 30.036,43 € itzuli behar dizkiola Foru Ogasunari, azken horrek gaizki egin zuelako OHZ-gatik eta Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergarengatik biltzekoa zen diruaren aurreikuspena.

Halaber, aipatzekoa da aurreztu egin dugula hainbat arlotan; esaterako, argindarraren fakturan 204.285,69€ gastatu ziren 2014an, eta 2017an aldiz 135.241,46€; kopistegi zerbitzuan %70 ingurukoa izan da aurrezkia; zakur-bilketa zerbitzuan 2.551,89 € gastatu dira 2017an, 2015ean (11.073,17€) baino askoz gutxiago; eta politikarien ordainsariak ere 20.933,93€ murriztu dira (2017an 69.766€ izatetik 48.832,07€ proposatu dira 2018rako, Gobernu Batzorderik ez dagoelako).

2018an Udalak asmoa du Gaminizen dauzkan 5 bat aparkaleku-plaza esleitzeko, eta baliteke horrek ez-ohiko diru-sarrerak sortzea. Eta garrantzitsuagoa dena, urtetan erabili ez diren plaza horiek (edo oso modu irregularrean erabiltzen direnek) zerbitzu baliagarri bat emango dute.

  • GASTUAK

Aipatzekoa da garrantzi handia emango zaiela hainbat proiektu idazteko eta aztertzeko prozesuei, adibidez, Arpillaoko udal aparkalekuaren egoerari buruzko diagnostikoari, herriko neska-mutilen esku dagoen Plentzia Amesten ekimenari edota Mungia Bidea errepide zatian (Hiltegiko eskaileretatik hasi eta Palanketera arte) espaloiak jartzeko proiektuari. Gainera, inbertsioak egingo dira udalaren hainbat lokalen jarduera erregulatzeko, esaterako, udal rugby zelaiko txokoa, hondartzako taberna zaharberritzeko eta martxan jartzeko proiektua, eta hainbat kirol taldek beren ontziak gordetzeko duten biltegiko jardueraren aldez aurretiko jakinarazpena. Horrek esan nahi du, hainbat inbertsio egin beharko direla proiektu horietan.

Hirigintza, lan eta zerbitzuen arloan, hainbat proiektu daude aurreikusita: gaur egun hainbat elkartek erabiltzen duten kultur etxe zaharreko (Kristo Eskailerak) eraikinaren teilatua zaharberritzeko lanak (14.301,27 €); Txurruatik Puntebusterrira doan Areatzako tartea asfaltatzea (130.068,67 €, Gorlizek eta Plentziak finantzatuta) eta Txipio Bidea urbanizatzea rugby zelaitik Musaurieta arteko zatian (geldikinetik ordainduko da). Azpimarratzekoa da orobat Astillero plazan, Udaletxearen ondoan, turismo bulego berri bat eraikitzeko proposamena (70.158 €); hala, ez litzateke gehiago ordainduko jubilatuen etxeko alokairu-errenta, zeren jubilatuak egun bulegoa dagoen tokira joango lirateke, eta bulegoa bera eraikin berrira (errentan aurreztutakoarekin eraikina 4 urtetan amortizatuko da gutxi gorabehera).

Bestalde, Udalak argiztapen publikoan inbertitzen jarraitu nahi du: azken koadro elektriko zaharra berritu (5.182,43 €) eta kaleko argi berriak jarri herriko hainbat eraikin eta kaletan.

Inbertsioak egingo dira hainbat kirol instalaziotan, adibidez padel pistetan, Ardantza rugby zelaian (inguruko hesia eta aterpearentzako teilatua), Errotabarri futbol zelaiko sareetan edota piraguismo lokaletan (sistema elektrikoa berritzea).

Kirolen kapituluan, aurrera jarraituko dugu Plentziako klub/taldeak babesteko ekimenarekin, euren eguneroko kirol jarduerarako behar dituzten diru-laguntzak mantenduz, kirol ekitaldiak bultzatuz eta kirol instalazioen erabilpena erregulatuz.

Berdin gertatzen da Kultura sailean; arloko partida handitzea proposatzen, eta batez ere kultur ekitaldien aldeko apustua egiten jarraitzea, halakoak sendotu eta errotzeko. Jarduera berriak jarriko dira martxan Plentziako kultur agenda dibertsifikatzeko eta kokaleku berrietara eramateko. Bestalde, Plentzia Kulturaz marka sendotuko da, inbertsio bat baita herriarentzat.

Berdintasun eta Jendarte Ekintza arloari dagokionez, aipatzekoa da handitu egin dela Berdintasun partidaren aurrekontua, Plentziako mugimendu feministak proposatutako jarduerekin kolaboratzeko. Hala, 2017an 10.000 €koa zen partida 20.000 €koa izango da 2018an, kontuan hartuz herri-mugimenduak ekimen gehiago antolatuko dituela, eta gainera, Udalak proiektu bat bultzatu nahi duela Emakunderekin eta Uribe Kostako Mankomunitatearekin batera, Plentziako Indarkeria Matxistaren aurkako Planaren puntu estrategikoetako bat garatzeko.

Herriko jubilatuek udalaren laguntza jasotzen jarraituko dute, udalak bere gain hartuko dituelako jubilatuentzako lokalaren gastuak eta, horrezaz gain, 4.000 €ko diru-laguntza nominatiboa ere emango zaie. Gazteek, bestalde, badituzte Topaleku Zerbitzua, Gazteentzako Informazio Puntua, Gazte Plana eta Plentziako gazte-mugimenduarekin sor litezkeen balizko kolaborazioak.

2016ko (Enplegu Anezka) eta 2017ko (45 urtetik gorako Emakumeen Enplegagarritasuna) politikarekin jarraituz, 2018an 15.000€ bideratuko dira prestakuntza-proiektu batentzat, Enplegua Sustatzeko. Arlo horrek finantzatuko du orobat udako langileen kontratazioa eta Eskualdeko Enplegu Plana (Behargintzaren laguntzarekin).

Ez da aldaketarik proposatzen gizarte arloko irabazi asmorik gabeko erakundeek jasoko duten laguntza ekonomikoko partidan: 20.000 €koa izango da guztira.

Ingurumen arloan aipatzekoa da partida bat bideratuko dela (15.000 €) Isuskitzako udal lurretan bertako basoa berreskuratzeko, iaz ingurune hartan bertan hasitako proiektuarekin jarraituz.

Plentziako turismo materiala berritzeko apustu egiteaz gain, Turismo Bulegotik urian gertatzen diren ekimen eta notizien, sare sozialen bitartez berri emateko proiektua garatuko da.

Komertzioari dagokionez, gure herrian zehar kokaturiko informazio-panelak eguneratu eta berriztatuko dira. Gainera, Hostalarien Elkartearekin batera herri komertzioaren aldeko sustapen kanpainia abiatuko da.

Euskarako partidak ez du izango hazkunde handirik; “Euskara Agenda” suspertzen jarraituko dugu, herriko gizarte- eta kultura-eragileen laguntzarekin eta Gorlizeko Euskara Zerbitzuarekin koordinaturik. Partida berri bat sortuko da, aurten egingo den “Euskaraldia” antolatzeko eta Plentziako taldeen proposamen berriak jasotzeko (adibidez, Literohitura Irakurle Taldeak idazleekin antolatutako hitzorduak). Asmoa da iazko ildoari eustea, espazio berrietara inplementatuz.

Hezkuntza saileko partida hazi egingo da, batez ere eskolako instalazioen mantenimendu beharrengatik. Aurten, hezkuntzako agenteek lagundu diote Udalari hainbat jardueratan, eta ez da hazkunderik planteatu proposamen horiei esleitutako zenbatekoak handitzeko, Plentziako Eskolako Guraso Elkarteari zuzendutako partidan izan ezik; kasu horretan, partida hazi egin da, 2016tik detektatu den udalaren akats bat konpontzeko.