Baliabide turistikoak

 

Itsaspeko altxorren bilatzaileak, botilaz beteta dauden hondoratutako itsasontziak, botila horiek lortu duten sekulako balioa. Zientzia-fikzioa dirudien arren, bada Euskadin itsaspeko laborategi enologiko bat, bertan zahartutako ardo, txakolin eta sagardoak dastatzeko aukera ematen duena, Plentzian dago.

Plentziako badian, 15 metroko sakoneran, itsaspeko laborategi enologiko bat dago. Bertan, jatorrizko deitura duten Euskadiko eta Espainiako zenbait ardo, txakolin eta sagardo daude zahartzen. Upeltegietako maisuek, biologoek eta enologoek aztertu egiten dituzte edari horiek, itsasoaren baldintzek ardoaren umotze prozesuan nolako eragina duten egiaztatzeko.

Itsaspeko altxorren bilatzaileen antzera, bai urpean igeri egitea gogoko dutenek, bai ardoaren zaleek, itsaspean zahartutako ardoez gozatu ahalko dute. Itsaspean ibiltzeko titulua dutenek murgilaldia egiteko aukera izango dute, laborategia eta haren inguruan sortu den uharri artifiziala ezagutzeko. Murgilaldiaren amaieran, turistak ardo bat aukeratu ahal izango du, eta lehorrean sommelier baten laguntzaz dastatu; nahi izanez gero, upeltegian zahartutako botila batekin konparatu ahal izango du.

Urpean ibiltzeko titulurik ez dutenek, itsasontziz egin dezakete itsaspeko laborategi enologikoaren inguruan ibilaldia, itsaspeko ardandegi bitxi hori eta euskal kostaldeko txoko eder hori hobeto ezagutzeko. Itsasontzian bertan, laborategiko ardo botila bat dastatuko dute, eta itsasoak umotze prozesuan eta zaporean nola eragiten duen egiaztatuko.

  • LSEB