Ondarea

Edificio del Antiguo Consistorio  

Plentziako alde zaharrak eskaintzen duen multzo interesgarriaren baitan, eraikin noble hau bere harlanduzko aparailu paregabeagatik nabarmentzen da; ateak sarbide ziriharriduna du, erdi-puntuko arkuarekin, eta gainean balkoi bat irekita. Zalantzarik gabe, herriko arkitektura historikoaren elementu erakargarrienetako bat da.
Gotikotik errenazimendura doan trantsizioaren arkitekturaren estiloan kokatuta, XVI. mendean egin zen (1562), Martín Pérez de Placenciaren enkarguz.

1922ra arte Udaletxea izan zenez, herriko armarriak ditu bere aurrealdean, bai armarri zaharrena (XVI. mendea) eta bai errege katolikoena.

Goienkaleren 25. zenbakian dago. 1986an zaharberritu zenez, beraren kontserbazio egoera ona da, hala barnealdean nola kanpoaldean. Eraikina XVI. mendearen amaierakoa da, eta parrokia-elizarekin batera alde zaharreko multzo historiko-artistikoaren eraikin zaharrena da; beraren jatorria XIII. mendeko hiribilduan dago, hots, Erdi Aroan. Kontuan hartu behar da XV. eta XVII. mendeetan gertatutako sute suntsigarriaren ondorioz aldaketa nabariak egon zirela hirigintzan; hala eta guztiz ere, azken suteak ez zuen aldatu beraren itxura, inguruko etxeena ez bezala. Era horretan, gure garaira arte iritsi den hiri-paisaia XVIII. mendean itxuratu zen.

Horrenbestez, 1922ra arte udaletxea hartu zuen eraikin enblematiko hau beste zeregin batzuetarako erabili zen harrezkero: epaitegia, ziega eta posta-bulegoa. Urte horretan, udaletxea San Pedro Zumardiko Zabalgune berrira aldatu zen. Kontuan hartu behar da, alde horretatik, ordura arte bertan bideratzen ziren gaiak estu lotuta zeudela itsasoaren munduarekin, Plentziako herritarrak nabigazioan eta itsasontzien eraikuntzan aritzen baitziren gehienbat. Bertan, gainera, San Pedro Jaunaren Marinelen Kofradiaren paperak gordetzen ziren (XVI. mendean). Herritar asko gremio horren bazkideak ziren, eta hortik abiatuko zen geroago Nautika Eskola (XIX. mendea).