Ondarea

Iglesia Santa María Magdalena 

 

Plentziako elizaren bereizgarri nagusia bere dorrearen itxura sendoa da. Arkupedun prisma kubiko bat da, elizaren plazan gailentzen dena.

Eliza hau herriaren alde zaharrak eskaintzen digun multzo arkitektoniko paregabearen baitan ebaluatu behar da, nahiz eta berez irudi berezi eta paregabea eskaintzen digun Bizkaiko arkitektura erlijiosoaren testuinguruan.

Plentziako elizak arkitektura bereiztua eskaintzen digu, tipologia aldetik Erandioko Santa Maria elizarekin soilik alderatu daitekeena. Ikuspuntu artistikotik, Galiziako eliza gotiko marinelen estilokoa da.

Elizaren elementurik interesgarriena bere dorre sendoa da; jatorriz kanpai-dorrea bazen ere, herria defendatzeko eginkizuna ere bazuen, zeren Plentziako itsasadarraren bokalaren zelatari moduan funtzionatzen baitzuen. XVI. mendekoa da, gutxi gorabehera 1522koa. Bizkaiko estilo gotiko berezi batean sailkatu genezake, beraren sarbideengatik eta aurreko hormaren baoengatik. Dorrearen arduraduna Martin Sáenz de Gareca izan zen, eta baliteke bera izatea eraikinaren gainerako atalen arduraduna ere. Geroago, Severino de Achúcarrok jardun zuen eraikinean, 1887an, zeren nabea estali baitzuen zurezko armazoi batez. Obraren egilea Plentziako kontratista bat izan zen: Martín González de Durana.

Udalerria bisitatzean, Santa Maria Magadalena eliza nahitaez ikusi beharreko elementua da, bai beraren balio historikoagatik eta izaera monumentalagatik eta bai herriko alde zahar ederrak erakusten digun multzo arkitektonikoaren muina izategatik. Eraikinaz gain, bertako elementu aipagarrien artean alabastrozko bost panelak azpimarratu behar dira, alegia, Pasioaren Poliptikoa osatzen duten bost panelak, 1440 eta 1480 urteetakoak. Halaber, ikusgarria da bataiarri gisa erabiltzen den maskor nakaratua, indianoen mundura hurbiltzen gaituena, zeren herriko alkate izandako Francisco Igartua Eguskizak iragan mendean Perutik ekarri baitzuen; dena dela, beraren jatorria dela-eta bada beste bertsio bat, Sertucha familiak Manilatik ekarri zuela dioena. Orobat, azpimarragarria da San Pedro eta oilarra zur polikromatuan erakusten dituen taila barrokoa, eta baita Magdalena penitentearen irudia ere. Eta itsasontziaren maketa, marinelen eliza orotan egoten direnen antzekoa.