APARKALEKU BAT LORTU ALDE HISTORIKOAN

Datorren irailaren 1etik aurrera, Udalak Azurtegiondoko aparkalekuan dauzkan aparkaleku batzuk libre geratuko dira. Hortaz, emakidan laga daitezke interesa daukaten pertsonei, urte bateko edo hiru hilabeteko tarteetan.
Aurten, lehenengo aldiz, udal aparkaleku honek %100eko okupazioa izan du. Honen arrazoia auto-aparkalekuko plazen emakiden baldintza-pleguaren aldaketa izan da, 2016ko iraileko udalbatzan baldintza hauek moldatzea adostu baitzen. Honela, herritarrek aparkaleku hauen lagapena lortu dezakete hileko 55 €ko kuota bat ordainduz (gehi gastuak). Irailaren 1etik aurrera 121 aparkalekutatik 13 libre geratuko dira eta hauek hiru hilabete baterako edo urte batetarako eskatu ahal izango dira.
Azurtegiondoko udal aparkalekua 2006an eraikitzen hasi zen eta guztira 121 aparkaleku dauzka; hasiera batean 55 urteko emakidan eskaini ziren, baina 61 plaza baino ez ziren eskatu. 2011ko otsailetik urte baterako plaza bat edukitzea ahalbidetu zen, baina formula honek ere ez zuen aparkalekua bete. 2016an onartutako moldaketarekin aparkalekua betetzea lortu da udan emandako emakidekin. Honi esker 2.145 euroko diru sarrera lortu du Udalak, diru hau aparkalekuko garbiketa sakon bat egiteko erabili da, beste gauzen artean.

Hirigune historikoa birgaitzeko, babesteko eta kontserbatzeko plan berezia