Herri basoak

Plentziako Ingurumen Zinegotziaren bulegoa udaletxeak berak kudeatzen dituen herri jabetzako lur sailei balio berria emateko zenbait egitasmo gauzatzen ari da. Egitasmo horien artean “Isuskitzako Baso Historiko-Botanikoa” dago.

XIII. mendean fundatu zenean, hiriari erantsi zitzaizkion herri baso zabaletatik guganaino heldu diren aztarna bakarrak, udalerriaren hegoaldeko mugan dagoen Isuskitza mendiko 15 bat hektareako hiru lur sail dira. Baso hauek kalitate handiko egurra eman zuten mendeetan zehar, batez ere harizkia, hiriaren kale garapenerako ezinbestekoa, baita, bereziki, haren jarduera nagusia zen untzigintzarako ere.

Ordura arte gizakiaren esku hartzerik gabeko hastapeneko basoaren ondoren, Erdi Aroan landutako basoa etorri zen, eta hartan haritzak mintegietan ereiten eta jagoten ziren, ondoren aldatu eta inausteko behar ziren egur atalak eskuratzeko, eraikinen egituretarako zuzenak, eta untzien eraikuntzarako makotuak. Udaletxea zen herri jabetzako baso hauek kudeatzeko ardura zeukana, eta 1508tik aurrera hurrenez hurrengo Ordenantzetan, basoaren eraginkortasuna eta auzokideen arteko berdintasuna bermatuko zituen araudia taxutuz joan zen.
Erdietsitako enborrak mendi magalean behera garraiatzen ziren harik eta itsasadarrera heldu arte, eta ondoren hartatik bideratzen ziren hiriraino. Izan ere, Plentzia hiriak etekina atera zien bai itsasoko mugimenduari eta bai, aldi berean, itsasadarreko nabigazioari; erabakigarriak gertatuko ziren biak haren garapenean.

Lehenengo Karlistadan Udalak egin zituen zorrek herri baso hauen salmenta ekarri zuenean eta esku partikularretara pasatuta ere, itsasadarrak komunikabide gisa zeukan erabilerari eutsi zion.
Pribatizazioa zela eta mendi magal horiek soildu eta erroturatu ziren, Isuskitzan ezarri ziren baserriei nekazal lurren modura gehituak izateko. Isuskitzako baserritarrek itsasadarraren urbazterrak itxuraldatuko dituzte euren “palatuekin” eta lurrik baxuenen erabilgarritasunari eusteko kanalen sistema konplexu bat sortuko dute.

Gure garaian baserri hauen ordez gaur egungo urbanizazioa eraiki zenean, Isuskitzako baso zabalak izan zirenetatik 15 bat hektarea baizik ez dira gelditzen herri baso gisakoak. Gaur egun utzikeria egoeran dauden lur sail hauetan berrezarri nahi ditugu, hain zuzen ere, hastapeneko basoa eta ereindako hariztia, betiere Plentziako Udal Ordenantzetan ezarritakoa oinarri gisa hartuz. Geure arbasoen omenez eta konfiantza osoaz geure etorkizunari begira.

Isuskitza basoko kartela (JPG, 18.1736KB) 

Kontsultarako bestelako agiri edo bideoak:

- Plentziako eskolarekin haretzak ereiten bideoa.

- Plasentia de Butrón Museoko Etnografia Taldeak LARRAGANENA aldizkarian argitaratutako artikulua (PDF, 5.748KB).

Txipioko padura

Padurako animali eta landareen kartela (PDF, 3.315KB)

Padurako animali eta landareen kartela (PDF, 3.315KB)